6. Giza eskubideei buruzko jardunaldiak
Arartekoak maiatzaren 14an eta 15ean Gizarte eskubideak krisi garaian: badago konponbidea, bila ditzagun aukerak” izenburuko jardunaldiak antolatu zituen. Bertan giza eta gizarte eskubideetan, ekonomian, politika publikoetan, demografian edo Europako politiketan adituak zirenek parte hartu zuten, baita Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte errealitatea ezagutzen zuten adituek ere. Bertan egon ziren parte-hartzeek eta eztabaidek agerian utzi zuten bizitzen ari garen egoeraren zailtasun izugarria eta horrekiko irteera bat bilatzeko zailtasun handiak.
Arartekotik erabilgarritzat eta egokitzat jotzen dugu, gure esleipenak erabiliz, gizarteari, gizarte erakundeei eta botere publiko eta administrazioei gertatzen ari denari buruzko azterketak eta ikuspuntuak eskaintzea gure erakunde-erantzukizunaren ikuspegitik, aldi berean, gizarte eskubideen gutxieneko eta ezinbesteko edukien mugak erakusteko ahalegina eginez. Zentzu horretan, giza eskubideen esanahiari buruzko azterlan juridikoa burutu dugu, bereziki krisi ekonomiko garaian politika publikoak diseinatzerakoan eskubide sozioekonomikoek duten esanahiari buruzkoa. Espainiako konstituzio antolamenduaren eta giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen azterketa zein horren inguruko jurisprudentzia oinarri izanik, azterlanak (kapitulu honen 2. atalean aipatutakoa) defendatzen du gisa-eskubideek botere publikoak derrigortzen dituztela euren burutzapen eta betetze eraginkorra bermatzen duten politikak, prestazioak eta zerbitzuak sortu eta mantentzera.
Jardunaldietako hitzaldien bilduma 2012ko irailean argitaratu zen.